Idazleak Ikastetxeetan

2018-2019 DEIALDIA EZ DA IREKI ORAINDIK

Euskal Idazleen Elkarteak urteak daramatza Idazleak Ikastetxeetan izeneko programarekin lanean. Idazleek ikastetxeetara bisita egiten dute beraien lanen baten gainean hitz egiteko.

Bisita horren aurretik ikasleek idazlearen obra aztertzen dute eta, horrela, beraientzat oso aberasgarri gertatzen den esperientzia interaktibo bati ematen zaio bide. Bisitaldi horiek, besteren artean, honako helburuak dituzte:

  • Ikastetxeetan literatura-zaletasuna sustatzea
  • Idazleen eta ikasleen aurrez aurreko harremanak bideratzea
  • Euskal idazleen obren zabalkundea
  • Ikasleen literatura-gaitasuna sendotzea, teoria praktikarekin lotuz
  • Idazteari gaur eguneko mundu gero eta teknologikoagoan leku propioa aurkitzea


EIEren eta Hezkuntza Sailaren arteko Hitzarmena 1997an sinatu zen lehen aldiz. Handik hona etengabe urtero sinatzen den hitzarmen honen bidez EIEk emanaldi kopuru jakin bat egiteko konpromisoa hartzen du programa honen baitan.

2016-2017 ikasturtean 261 saio burutu dira. 59 idazlek 169 libururen inguruko saioak eskaini dituzte, 10.282 ikasleren aurrean. Programa oso ondo baloratu dute bai idazleek eta baita ikastetxeek ere.


Irailaren hasieran gutun bat bidaltzen da ikastetxeetara ekimen honen berri emateko eta eskabidea egiteko epea noiz izango den jakinarazteko.  Parte hartu nahi duenak eskabidea bete eta Euskal Idazleen Elkartera bidali behar du posta elektronikoz. Eskabidea egiteko, jo hona: SARBIDEA

2017-18 ikasturterako eskabideak egiteko azken eguna: azaroak 3