Nolega Deialdia Bateratua

2018-2019 DEIALDIA EZ DAGO IREKITA ORAINDIK

Nolega Deialdi Bateratua ikastetxeetako giroa euskalduntzen laguntzeko diru-laguntza deialdia da. Helburu horrekin NOLEGA izeneko ekimen sorta moldatu zuen Hezkuntza Sailak 1984an; hortik aurrera, eta gaur egun arte, atal honek etenik gabe hainbat ekimen bideratu, antolatu edota diruz lagundu du. Ahozko erabilera areagotzeari begira, deialdi sorta zabala eskaini izan du urtero.


2013-2014 ikasturtetik aurrera, ikastetxe gisa arlo honi modu bateratuan erantzuteko ekimena proposatu zuen Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak: Nolega Deialdi Bateratua. Laguntza deialdi honek, hain zuzen, lehengo ildo berezituak biltzen ditu: Ahozko Adierazpena (eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, kontalaritza eta irratigintza); Ikasgelaz kanpoko Ekintzak (IKE); Euskal Girotze Egonaldiak (EGE); eta Ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil).


Gure hezkuntza sistemak duen egiteko nagusienetako bat hizkuntza arloko gaitasun guztiak eskuratzea da. Horrela jasotzen du HEZIBERRI 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak. Hori garatzen duen 237/2015 Dekretuak (Abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa), honela dio, besteak beste, bere 9. artikuluan: “Haurrak entzuteko, adierazteko eta hitz egiteko gaitasuna garatu behar du”. Horrez gain, 236/2015 Dekretuak (Abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena) horri ere egiten dio erreferentzia, bere 10. artikuluan, elebitasuna eta eleaniztasunaren gainean zera adierazten duenean: “bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat (…), euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak”.


Horretarako, ez da nahikoa ohiko klase emankizunetan lantzen diren gaitasunak jorratzea. Gelako metodologia erabat paradigma komunikatiboetan kokatzeaz gain, eskola esparruko beste hainbat ekimen osagarri ere eskaini beharko dizkio ikasleari. Batez ere, ikasleengan hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasuna bermatu nahi da. Horretarako, eskola-giroan hizkuntza lantzeko saiakera biziak eta naturalak egiten dira; saiakerok babestea eta sustatzea du helburu deialdi honek, ikaslearen bizipenetan, adierazpenetan eta irudikapenetan euskara txertatuz.


Gaur egun, Nolega Deialdi Bateratuan 500 ikastetxe inguruk hartzen du parte. Bi tramitazio bide daude, herri ikastetxeentzat eta itunpekoentzat:


ITUNPEKO IKASTETXEAK: 2017-2018 ikasturteko deialdiaren agindua 2017ko abuztuaren 31ko EHAAn argitaratu zen. Eskabidea egiteko epea 2017ko urriaren 2ra artekoa da. Emandako diru laguntzen ebazpena Eusko Jaurlaritzako taula elektronikoan argitaratuko da: Deialdia

Eskabideak egiteko honako esteka honetan sar daiteke: Eskabideak

Edozein zalantza informatikoa izenez gero Zuzenean zerbitzura jo behar da: 012 telefonora.


HERRI IKASTETXEAK: Tramitazio osoa https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/nolega-2017 helbidetik kudeatu behar du ikastetxeak. Hortxe argitaratuko da diru-laguntzak banatzeko ebazpena, eta horrez gain diru-laguntza jaso duten ikastetxe guztiei jakinarazpena ere bidaliko zaie.

Aplikazioan sartzeko arazoren bat edo horren funtzionamenduaren gaineko zalantzaren bat izanez gero, helbide hauetara jo behar da:

CAU-Hezkuntza Telefonoa: 945 016 292 edo idatzi hona: cauf09@hezkuntza.net

Gogoratu 2017-2018 ikasturterako jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko epea diru-laguntza horrekin aurreikusitako ekintza guztiak burutzen direnetik eta ekainaren 15era artekoa izango da.